OINARRIZKO HEZKUNTZA

ETAPEN ARTEKO HEZKUNTZA ELKARGUNEA

Hezkuntza Sailak ateratako 175/2007 eta 97/2010 dekretuek curriculumaren ezarpena eta EAEko Oinarrizko Hezkuntzaren atal ezberdinak arautzen dituzte. Ikasleek bizitza osorako eskuratuko duten hezkuntzaren etapa komuna eta derrigorrezkoa da (Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza). Laudio Ikastolan, ikastetxe integrala izanik, Oinarrizko Hezkuntza osatzen duten etapa bakoitzaren berezitasunak eta beharrezkoak diren koherentzia eta loturak uztartzen saiatzen gara, proiektu komun bat osatuz.

Oinarrizko Hezkuntzaren xedeak

Oinarrizko Hezkuntzari ematen zaizkion xedeen artean honako hauek azpimarratu nahi ditugu:

• Gizakien ahalmenak osorik garatu (gaitasun fisikoak, motorrak, kognitiboak, komunikaziokoak, sozialak eta afektiboak), Haur Hezkuntzan hasitako prozesuari jarraituz.

• Ikasleek euskal kultura eta kultura unibertsalaren elementuak eskuratu. Honen harian Laudio Ikastolak, Ikastolen mugimenduaren baitan,  bere egiten du Euskal Curriculumaren proposamena, derrigorrezko eskolaldirako eduki oinarrizko eta komunak finkatzen dituena. Proposamenak galdera honi erantzuten dio: zein da Euskal Herriko eskoletan ikasten ari den 16 urteko gazte batek Euskal Herriaz eta munduaz gutxienez ezagutu behar dituen kontzeptuak, egiten jakin behar dituen prozedurak eta trebeziak eta bereganatu behar dituen jarrerak?

• Ikasleak bizitzan zehar ikasteko gai izan daitezen prestatu eta sentsibilizatu. Izan ere, bizi garen mundu aldakor honetan ezagutzak  ez dira behin betikoa den zerbait itxi edo amaitua eta pertsonak prest egon behar dira bizitza osoan zehar ikasten jarraitzeko.

•Pertsona guztiek izan beharreko oinarrizko konpetentziak lantzeko xedea du, norberaren errealizazioa eta garapena lortzeko, herritar aktiboak izateko, gizarteratzeko, lan egiteko eta izadiaren zaintzarekiko konpromisoa garatzeko.
Oinarrizko Hezkuntzarako dekretuaren berezitasunetako bat. Konpetentzia zerbait era egokian, batera eta era integratuan, egiteko erabiltzen den baliabide multzoa da. Konpetentzietan oinarritutako hezkuntzan garran-tzitsuenak ez dira buruz ikasitako edukiak, eduki horiek egoera desberdinetan aplika-tzen jakitea baizik.

Bi konpetentzia mota bereizten dira:

Hezkuntza konpetentzia orokorrak
Hezkuntza osorako eta hezkuntza testuinguru guztietan ikasten diren ardatz erreferentzialak. Oinarrizko Hezkuntzako jakintza arlo guztietan komunak eta irakasgai guztien arteko lokarriak

1. Arduraz eta autonomiaz bizitzen ikasi.
2. Irizpide kritikoz ikasten eta pentsatzen ikasi.
3. Bi hizkuntza ofizialetan eta, gutxienez, atzerritar batean hitz egiten ikasi.
4. Elkarrekin bizitzen ikasi.
5. Pertsona gisa garatzen ikasi.
6. Egiten eta ekiten ikasi.

Oinarrizko konpetentziak
Testuinguru edo egoera askotarikoek eskatutako jakintza, trebetasunak, jarrerak eta balioen konbinaketa, Oinarrizko Hezkuntzako ikasle guztiek eskuratu behar dituztenak:

1. Zientzia, teknologia eta osasun kulturarako konpetentzia.
2. Ikasten ikasteko konpetentzia.
3. Matematikarako konpetentzia.
4. Hizkuntza-komunikaziorako konpetentzia.
5. Informazioa tratatzeko eta teknologia digitala erabiltzeko konpetentzia.
6. Gizarterako eta herritartasunerako konpeten-tzia.
7. Giza eta arte-kulturarako konpetentzia
8. Norberaren autonomiarako eta ekimenerako konpetentzia.

Ebaluazio prozesua oinarrizko hezkuntzan

Lehen Hezkuntza

Hiruhilabete bakoitzean ikasleen ebaluazioaren emaitzak jasotzen dituen informe idatzia bidaltzen da beraien etxeetara.
Ziklo bakoitzeko amaieran azken informe bat bidaltzen da, zikloari dagozkion ikaslearen kalifikapenekin eta hurrengo mailara promozioari, igarotzeari, buruzko erabakiarekin. Promozioari dagokionez, konpetentzien maila orokorra hartzen da kontuan. Lehen Hezkuntza osoan zehar behin bakarrik errepika dezake ikasle batek.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza

Hiruhilabete bakoitzean ikasleen ebaluazioaren emaitzak jasotzen dituen informe idatzia bidaltzen da beraien etxeetara.
Ikasturte bakoitzeko amaieran azken informe bat bidaltzen da, arlo bakoitzari dagozkion kalifikapenekin (hitzez eta zenbakizkoak) eta promozioari buruzko (hurrengo ikasmailara igarotzea) erabakiarekin. Horrez gain, ohiko deialdian arlo guztiak gainditu ez dituzten ikasleen kasuan, aparteko deialdi bat egiten da ekainaren amaieran, horren emaitzei buruzko informea ere bidaltzen delarik.
Promozioari dagokionez, hauexek dira arau ofizialek zehazten dutena:

• Dena gaindituta edo gehienez  arlo bi gainditu gabe: igarotzen da hurrengo mailara.
• Hiru arlo edo gehiago gainditu gabe: errepikatu behar da. 
• Salbuespena: hiru arlo gainditu gabe duen ikasleren baten kasuan, baldintza batzuk emanda, irakasle taldeak erabaki dezake hurrengo kurtsora igarotzea.
• Ikasmaila bakoitza behin bakarrik errepika daiteke eta bitan, gehienez, etapan zehar. Salbuespenez, 4. maila bi aldiz errepika liteke, baldintza batzuk emanda.