Birsortu: material berrerabilgarria, proiektu pedagogiko bihurtuta

Laudio Ikastolak abian jarri du Hik Hasi, Euskal Heziketarako egitasmoak, sustatutako “Birsortu” ekimena Haur Hezkuntzan, Italiako Reggio Emilian abian den “Remida” Birziklapen Sortzaile Zentroan oinarrituta. Jatorri anitzeko materialen berrerabilpena hezkuntza jardunaren egunerokoan balioan jartzean datza proiektua.

Birsortu da Laudio Ikastola, tresna eta proiektu berrietan oinarrituta. Hain zuzen, Haur Hezkuntzako etapan material berrerabilgarriekin lan egiteari ekin diote, “Birsortu” egitasmoa ardatz hartuta. “Birsortu proiektua sormenean eta berrerabilitako objektuen ikerketan oinarritutako proiektu kultural, pedagogiko eta jasangarria da”, adierazi du Izaskun Goitia Haur Hezkuntzako arduradunak. Prozesuaren bidez, kontsumo arduratsua eta inklusioa sustatzen dihardute. Nola, baina?

Euskal Herriko hezkuntza esparruan erreferentziala den Hik Hasi egitasmoak garatu duen proposamena da “Birsortu”. Ekimen berritzaile hau Italiako Reggio Emilian sortutako “Remida” Birziklapen Sortzaile Zentroan oinarrituta dago. Bere garapenerako esperientzia pilotu bat zabaldu zuten hainbat ikastetxeren artean Hik Hasiren gidaritzapean, eta emaitza onak ikusita, egitasmoan sakontzea erabaki du Laudio Ikastolak: “proba pilotua egiteko gonbita luzatu ziguten, eta horrela sartu ginen gu. Iaz izan zen hori eta aurtengo ikasturtean erronkarekin jarraitzea erabaki dugu”.

Emaus-ekin lankidetzan

Ekimenera batu diren ikastetxeek material berrerabilgarri andana behar izan dute eta horretarako ekonomia sozial eta solidarioa sustatzen duen Emaus Gobernuz Kanpoko Erakundearen lankidetza izan dute biltegi komuna sortzerako orduan, altzari, arropa eta bestelako materialen bilketan duten urteetako eskarmentua hezkuntza esparrura ekarriz.

“Birsortu” izena jarri diote ekimenari, eta haurren onurez gain familien parte hartzea azpimarratu dute. Kartoia, plastikoa, egurra, aluminioa, zuntzak eta zeramika bezalako materialak dituzte lanabes. Zertarako, ordea?

Orotariko materialak erabiltzen dituzte umeekin, “pertxak, tenis pilotak gordetzeko ontziak… Egunerokoan erabiltzen diren materialekin kontaktua izatea eta sormena piztea da gakoa”. Bete, hustu, eskegi eta beste hamaika jolas sortzen dituzte haurrek horrela. Gauzak hala, sormena bihurtu dute lanabes, eta eguneroko materiala ikasgai. "Adin-etapa honetan kantitatea garrantzitsua da, bildumak osatzen aritzea. Denek behar beste material izatea gakoetako bat da".

Izan ere, Euskal Herri mailako programa izanik, Gipuzkoan dute biltegi komuna, eta bertotik lortutako materialekin batera familiek ekarritakoak ere erabili dituzte: “Debagoienan dago Hik Hasiko Birsortu programan gabiltzanon biltegia, baina kantitate gutxi iritsi zen iaz, eta gurasoen parte hartzea eskatu genuen gutun bidez proiektua azalduta. Emaitza oso ona izan zen”.
Modu horretan lortu dute hezkuntza komunitatea aktibatzea, “familia batzuk ohitura dute kartoizko tutu sendoak ekartzeko, iturginen hodiak kasu”.

Egunerokotasunean hezteko eta esperimentatzeko materialen inguruko gogoeta luzatu du zentzu horretan Izaskun Goitiak: “Laudio Txikin hasi ginen honelako esperientziekin material naturalen alde egiten. Umeek benetako objektuak izan behar dituzte, ikusi eta erabiltzen dituztenak”.