Barazki ekologikoak eta Km0 elikagaien kontsumoa aregotuko du jantokiak

Otsailetik aurrera hainbat berrikuntza txertatzen hasiko gara Laudio Ikastolako jantokiko menuan eta funtzionamenduan.

Aurrerantzean jatorri ekologikoko barazkiei tokia egiten hasiko gara. Horretarako egunero lehen platererako egiten dugun barazki eskaintzan txertatuko ditugu, besteak beste, aza eta azalore ekologikoa edo barazki ekologikoz soilik prestatutako purea. Argitaratzen dugun menuan jatorri hori dutela ere azpimarratuko dugu.

Ekimena garatzeko gure inguru hurbileko ekoizleengana jo dugu eta Atxandietarekin, Josemi Atxak Kasille baserrian duen nekazaritza-ustiategiarekin abiatu dugu esperientzia. Hortaz, egunerokoan darabiltzagun Kilometro 0 jatorriko elikagaien saskia handitzea da beste helburuetako bat. Izan ere, Okondoko arrautzak, Laudioko odolosteak, Orozkoko txorizoak eta bestelako produktuak, jantokia abiatu genuenetik ditugu menuan txertatuta eta eskualdeko beste hainbat ekoizleen eskaintzak ere jasotzeko prest gaude Laudio Ikastolan.

Jantokiak egiten dituen erosketen %65a gure inguru hurbileko hornitzaileekin bideratzen dira: Berriak supermerkatua, Arza harategia, Pedro Martin txorizoak, Santamaria odolosteak, Felix Fanarraga arrautz ekoizlea edo Nervion okindegia. Arrain, okela, fruta eta barazki freskoen kontsumoa bermatzen dugu beraien bitartez eta honela 80.000 eurotik gorako gastua ere eskualdean bertan bideratzen dugu urtero.

Etxeko esnekiak

Ikastolako sukaldean bertan prestatzen diren esnekiak ere, etxeko mamia edo natila adibidez, nabarmenduko ditugu menuan. Postreetan ere Km0 irizpideari helduz, Goiurin ekoiztutako ardi gazta aldiro eskaintzen hasiko gara.

Ogi kontsumo ohitura dibertsifikatzeko asmoz, ohiko ogi-barraz aparte Nervion okindegiak eskainitako ogi mota desberdinak astean behin eskaintzen hasiko gara, integrala, haziekin, arto-irinaduna…

Laudio Ikastolako jantokiak 540 menu prestatzen ditu egunero batez beste eta ikasleen %65ak darabil. Zerbitzuko langile guztiak, sukaldariak zein jantokiko langileak, Ikastolako plantillakoak dira, menuen diseinu eta elaborazioa zein otorduen antolaketa eta zaintza Ikastolako profesionalek burutzen dutelarik.

Plastikorik gabeko egunak

Eskola Agenda 21 programa barruan Laudioko ikastetxe guztiok garatzen ari garen plastikoaren erabilpen arduragabeari buruzko kotzientziazio dinamikara batu da Ikastolako jantokia eta “plastikorik gabeko” egunak burutzeko erronka luzatu die hornitzaileei.