Jon Fonbellida eta Iker Zubizarreta Himalaiarako espedizioa prestatzen ari dira

Hiru gazte aiaraldear, Laudio Ikastolako ikasle bi, Jon Fonbellida Goitia eta Iker Zubizarreta Ugarte, eta Besaide Astobitza orozkoarra, “Oxigenoa euskarari 6000 metroan ere” ekimenean parte hartzen ari dira, euskara eta mendizaletasuna ardatz hartuta, Euskal Herria eta Sherpa herria lotuko dituen zubia eraikitze lanetan, Nepaleko eskoletan ere, elkartasunezko proiektuetan parte hartuko dutelarik.

Azken zortzi urtetan, Julen Reketaren gidaritzapean eta Udalen eta Foru Aldundiaren laguntzaz, bailara osoko DBHko gazte askok Euskal Herriko tontor ugari ezagutu dute OXIGENOA EUSKARARI lemapean euskararen erabilera eta  elkarbizitza sustatuz. Orain gorago jaso nahi dugu gure hizkuntza: 6000 metroraino!!!

Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Lapurdiko 15 gaztek osatuko dute Euskal Herriko taldea eta elkarlanean, euskaraz, dihardute proiektua gauzatzen. Finean euskarak gure eguneroko harremanetarako eta honelako erronka handien prestakuntzarako baliagarria dela erakutsiz. Nepalen 10 sherpa gazte bidelagun izango dituzte Himalaia inguruan zeharkaldia egiterakoan.

Proiektuaren azken helburua gazteek, autokudeaketaren bitartez, Everest inguruan zeharkaldia antolatzea da. Hara iristeko bidean, bakoitzak bere ikastetxe eta bere inguruan hizkuntza gutxituekiko elkartasun ekintza eta proiektuak gauzatuko ditu.

Sherpa hizkuntzan hitz batzuk ikasiko dituzte eta haiek ere euskarazko beste batzuk entrenatzen ari dira, eta bide batez, euskalki ezberdinak badirela jakitetik hauek erabiliz elkarrekin lan egiteko gai direla sentitzen dute talde osoa bildu eta bai Oñatin, bai Orozkon dagoeneko egin diren bilera eta entrenamendu saioetan. Laster Baigorrin eta ondoren Iruñean eta beste hainbat lekutan egingo duten bezala.

Proiektua diruz laguntzeko kamiseta salmenta

Urria aldera gauzatuko duten bidaiarako sostengu ekonomikoa ezinbestekoa dute gazteek eta horreratarako kamiseta salmenta jarri dute abian. Laudio Ikastolako Haur Hezkuntzako jolastokian izango dira datozen apirilaren 13an eta 20an, ostiralak, 16:00etatik 17:00etara. Ez galdu aukera proiektuarekin bat egiteko!