HESIHES ikasle kooperatiba jarri dute martxan Batxilergoko 1. mailako ikasleek

Batxi 1eko ikasleen artean proiektu berri bat sortu dugu, HESIHES izeneko kooperatiba bat  hain zuzen. Honen asmo nagusia hezkuntza alternatibo bat sortzea da, non elkartasuna, talde lana eta solidaritatea helburu nagusia ditugun. Balore hauen adibide bezala, gure lehenengo pausua, Europan dauden errefuxiatuei laguntza eskaintzean oinarrituko da, bai hemen, eta posiblea izango balitz, baita Grezian ere. Hori guztia lortzeko geure burua aurkezten hasiko gara, jende guztiak ez baitaki benetan nolakoa den bertako eta hemengo egoera.

Hezkuntza alternatiboa

Proiektu hau aurrera eramateko euskarako eta ekonomiako klaseetan lanean aritu gara. Kooperatiba osatzen dugun 59 ikaskideen artean ideia politak sortu ditugu, gure arteko kidetasuna bermatu dugu eta bizitzarako guretzat premiazkoak diren baloreak eta konpetentziak ikasteko aukera izan dugu. Helburu desberdin eta konkretu batzuk finkatu ostean talde ezberdinetan sailkatu gara bakoitzak ardura propioak hartuz.  Estatutu batzuk sortu ditugu, gure kooperatiba, hauen bidez arautu dadin. Arduradun batzuk hautatu egin ditugu, bakoitzak zeregin bat izan dezan kooperatibaren barruan, horizontaltasunean oinarritzen garela ahaztu gabe.

Hezkuntza alternatibo hau sortzeko bidea ez dela erreza izango badakigu, oztopoak aurkituko ditugula, baina argi dugu gure esku dagoen guztia egingo dugula proiektua aurrera eramateko. Ez da sekretua, hezkuntza honek gutxi batzuen interesei erantzuten diela, eta gizon hauei ez zaiela guk planteatzen dugun hezkuntza alternatibo hau gustatuko, baina azken urteotan emandako atzerapausoak ikusita, beharrezkoa dela uste dugu.

Grezian dauden errefuxiatuak lagundu

Kontzientziazio prozesu honen azkeneko pausua, begiak zabaldu eta errealitatea den bezala ikusi ostean, guk benetan beharrean daudenei gure laguntza eta elkartasuna eskaintzea izango litzateke. Hau egiteko irtenbide egokiena, Grezian bertan dauden errefuxiatuak laguntzea izango litzateke,  errefuxiatu kanpamendu batean.

Honetarako, herriaren, zuen, kolaborazioa behar dugu asmo onez egindako proiektu hau aurrera eraman ahal izateko. Elkarlana gero eta beharrezkoa da gizarte honetan non indibidualistagoak eta materialistagoak garen; prest al zaude laguntzeko?