DBH4ko IKASLEAK BTEK TEKNOLOGIAREN INTERPRETAZIO ZENTROAN IZAN DIRA
DBH 4. mailako 42 ikasle eta 3 irakasle Derioko udalerrian dagoen Bizkaiko Teknologi Parkera joan ginen urrian. Bertan nazioarteko mailako erreferentzia diren hainbat I+G+b enpresa daude. BTEK Eraikina Bigarren Hezkuntzako ikasleriari zuzenduta dago gehienbat, egunero erabiltzen dituzten teknologia berrien oinarriak eta erabilera ezagut ditzaten, horiekiko kezka sortuz eta interesa areagotuz.
Ikuspegi pedagogiko, dibulgatzaile eta ludikoa duen zentro interesgarria da, gure ikasleen galderak eragin eta erantzunetara iristeko behar diren baliabideak hurbiltzen dituena. Gure inguruan garatzen diren teknologia berritzaileenen azkeneko proiektuak erakutsi, azaldu eta partekatu ohi dira bisita gidatuetan: nanoteknologia, robotika, bioteknologia, jasangarritasuna, energiak, sareak, IKT …
Eguraldia lagun izan ez bagenuen ere, goiz polita eman genuen giro onean. Gure ikasleen jakin mina, ondorengo ikasketetarako orientazioa eta talde harremanak sendotzeko LAUDIO ikastolak eskaintzen duen beste ekintzetako bat besterik ez da, ikasturte honetan zehar segida izango baitu ikasturteko lehen ateraldi honek. Laster izango duzue gure berri!