LEHEN HEZKUNTZAKO GURASO ESKOLA ABIATUKO DA URRIAREN 28AN

Urriaren 28an Lehen Hezkuntzako guraso eskolaren lehen saioa burutuko da. Izen ematea urriaren 20a bitartean izango dugu zabalik; interesatuok izena emateko orria ikaslearen tutoreari eman epe horretan.  Saioak Ikastolako sarrerako batzar gelan burutuko dira 14:30etik 16:00etara Osadi sikologia osasun zerbitzu aholkuraritzaren eskutik.

AURKEZPENA

Familia da pertsona baten bizitzako lehenengo eragin-eremua, eta horrek prebentziorako lehenengo agente bihurtzen du. Seme-alaba jaiotzen denetik hasten da eragina, eta bizitza osoan zehar jarraitzen du.

Batzuetan baina, gurasook uste dugu ez gaudela prestatuta gure seme-alaben hezkuntzak sor diezazkigukeen arazo guztiei aurre egiteko. Eta gure zalantzak eta gure esperientziak konpartitu behar ditugula sentitzen dugu, bai eta norbaitek ideiak eman behar dizkigula eta gatazkak konpontzen lagundu behar digula ere.

Hori dela eta, Udaleko Drogamenpekotasunen Prebentzio Zerbitzuak Gurasoen Eskolak antolatu ditu. Hona hemen helburuak: Gurasoen prestakuntza eta esperientzia trukea ahalbidetzea eta seme-alaben ongizatearekin eta hezkuntzarekin erlazionatutako zenbait gairi buruzko berariazko prestakuntza eskaintzea.
 

1. SAIOA, ADIKZIOEN PREBENTZIOA

1. saioa urriaren 28an izango da, 14.30ean. Gaia “Adikzioak: Nola prebenitu haurtzaroan eta egunerokotasunaren bidez” izango da. Gai honekin bukatu ondoren, gurasoek aurkeztutako beste gai batzuk landuko dira.
2014ko hurrengo saioak:azaroaren 11n eta  25ean eta abenduaren 9an izango dira (gainerakoak aurrerantzean zehaztuko dizkizuegu).