Zaporeak elkartea laguntzeko janari eta arropa bilketa prestatu dute Batxilergoko 2. mailan

Laudio Ikastolako Batxilergoko 2. mailako ikasleek Grezian diren errefuxiatuak laguntzeko Zaporeak proiektuarekin elkarlanean jarraitzen dute.

    Oraingoan Zaporeak proiektuak Euskal Herrian abiatutako arropa eta janari bilketa bideratuko dute Ikastolan. Gelaz gela ikasleak motibatzeko azalpen saioak eskainiko dituzte. Hortaz, familiei gaiaz etxean hausnarketa egitea proposatzen dizuegu, guztion artean ekimenerako ekarpena presta dezazuen.

NEGUKO JANTZIAK ETA JANARIA

    Haur eta helduentzako neguko arropak: erabilitako txaketa, jertseak, berokiak, galtzak, gonak, osagarriak (bufandak, txanoak, eskularruak, gerrikoak…) edo zapatak bilduko dituzte.

    Bestetik janari ez-galkorren bilketa ere burutuko dute: lekale eta kontserbak lehenestea gomendatzen dizuegu. Ikastolak jantoki egun bateko ekarpena egingo du atal honetan.

AZAROAREN 30ETIK ABENDUAREN 4RA

    Arropa eta janari ekarpenak poltsa itxietan utzi beharko dira Ikastolako sarrera nagusian prestatu duten txokoan azaroaren 30etik abenduaren 4ra.

BIDALKETARAKO LAGUNTZA

    Hego Euskal Herri osoan bideratzen ari den ekimen honetan bildutakoa Greziara bidaltzeko laguntza ere eskatzen dute. Izan ere, laguntza Greziaraino eramango duen palet bakoitzak 150 euroko kostea du. Laboral Kutxako ES18-3035-0103-88-1030035880 kontuan eta BIZUM bidez (zaporeak bilatu dohaintzatan eta 00435 kodea idatzi) diru ekarpenak biltzen dituzte.

IKASTOLAN GALDUTAKO ARROPAK BIDALIKO DITUGU

    Ikastolan galtzen diren arropak biltzeko darabiltzagun otarretako edukia kanpainara bideratuko dugu. Hortaz, zerbait faltan bota duten familiei, datorren astean Ikastolara begirada bat botatzera hurbil daitezela gomendatzen diegu.