XIX. JARDUNALDI PEDAGOGIKOAK: sarrera

ELKARBIZITZA EREDU BERRI BATERAKO PEDAGOGIA

GIZA ESKUBIDEAK, ETORKIZUNERAKO PARADIGMA. Badira urte batzuk ikastola taldean elkarbizitzari buruzko gogoeta egin, oinarrizko txostena adostu eta konpromisoari eutsiaz gaia bere zentroan landu zuenetik. Hori testuinguru sozial eta politiko jakin batean gertatu zen. Gaur egunekoa, zorionez, ordukoa baino hobea da. Berez, 180 graduko bira eman du egoerak. Itxaropen berri bat, ilusio berri bat sortu da euskal gizartean. Orain, egoera berriaren ezaugarrietara egokitzeari ekin beharra dago. Horixe da, hain justu, Jardunaldi hauetan egin nahi dena. Gogoeta sakonari eutsi berriro ere, orduko zutabeak egunean jartzeko.

Zaharretik berrira, paradigma baten bueltan harilkatu nahi genuke ehuna: zer egin behar dugu etorkizunean, iraganekoa berriro gerta ez dadin. Beste modu batez esanda: zein ezaugarri beharko luke etorkizuneko elkarbizitza-ereduak iragana berriro gerta ez dadin? Jakina, paradigma honen erantzuna politikaren eremuan dago nagusiki, baina denon ekarpena da beharrezkoa eraldaketa gerta dadin? Guri hezkuntzaren alorra dagokigu, hortik egin nahi dugu gure ekarpen espezifikoa.

Eta hezkuntzatik, eskolatik, pedagogiaren eremutik, ba al daukagu erantzunik galdera paradigmatiko horrentzat? Bai, badaukagu. Erantzuna berbera da orain eta lehen. Orain ozenago. Giza eskubideak dira, gure ustez, elkarbizitza-eredu berrirako oinarria, bere tamaina eta izaera integralean hartuta.

Konbentzimendu honetatik abiatuta ausartu gara, atrebentzia ez bada, gaiari adarretatik oratu eta aurtengo Jardunaldi Pedagogikoetara ekartzen. Ea gogoeta emankorraren helburua lortzen dugun. Horretarako dei zintzoa eta era berean ilusionatua egiten dugu.