LH6ko ikasleek azoka solidarioa antolatu dute

Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek azoka solidarioa antolatu dute eta Ikastolako guraso, ikasle, irakasle eta langile guztiak beraien ekimenarekin bat egitera gonbidatu nahi gaituzte.

Azoka apirilaren 10ean, asteazkenean, 14:30ean, zabalduko dute Ikastolako sarreran. Bertan beraiek egindako eskulanak eta objektu kutunak jarriko dituzte salgai.

Horrez gain, apirilaren 9an eta 11n, pintxoen saltoki bat jarriko dute Lehen eta Bigarren Hezkuntzako jolastoki orduetan.

Lortutako dirua Madaria baserriko familiari (Aiara) emango diote.

Elkartasunari buruzko hausnarketa

Ekintza iragartzeko prestatu dituzten iragarki-muraletan ekintzaren xedea azaldu dute honela:

“Besteen larruan jartzen ikasi dugu, askotariko arrazoiengatik hainbat pertsonak bizi dizuzten egoera ahulak gureak balira bezala sentitzeko.

Hasteko, zera ikasi dugu: herrialde batek zenbat eta osasun hezkuntza eta bestelako baliabide gehiago eduki, orduan eta hobea izan ohi da hango biztanleen ongizatea, eta luzeagoa haien bizi-itxaropena. Era berean, ikasi dugu herrialde berean ez garela guztiok berdin bizi.

Ikasi eta frogatu dugu zerbait egin dezakegula geure eta besteen bizitza hobetzeko: modu osasuntsuagoan elikatu, gelakideen eskubideak errespetatzeko, konpromisoak hartu, egoera ahulean bizi direnei lagundu, jedeari beharraren kontzientzia pizten ahalegindu…

Izan ere, askotariko arrazoiengatik egoera ahulean bizi diren pertsonen beharrak asetzeko, ezinbestekoa da guztion inplikazioa. Denona da gizarte-arazo hori, eta denok izan behar dugu arazo horren konponbidearen protagonistak.

Hau dela eta, gu LH6. mailako ikasleak inplikatzeko prest gaude gure ekarpen txikia egiteko eta horretarako AZOKA SOLIDARIO burutuko dugu. Lortutako dirua MADARIA baserriko familiari (Aiara) emango diogularik.”

Etiquetas: