LH4ko ikasleek eskualdea ezagutzeko txangoa egin dute

Azaroaren 4ean Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleak gure eskualdea, Aiaraldea, ezagutzera joan ginen.

Laudiotik hasi eta Aiaraldea osatzen dituzten herri guztietatik ibili ginen. Lehenengo Okondotik pasa ginen eta sarreran dagoen artzainaren eskultura ikusi genuen. Ondoren, Kexaara joan ginen eta hango turismo bulegoa eta monumentu historikoak bisitatu genituen, bertan, hainbat gauza ikusi eta ikasi genituen, Aiaratarren hilobia, eliza... eta oso ondo portatu ginenez, hango dorre altuenera igotzeko aukera izan genuen, zelako paisaia ederra ikusi genuen!!

Kexaan hamaiketakoa jan ondoren, Artziniegara joan ginen hango museo etnografikoa bisitatzera, bertan antzinako lanbide eta bizimoduari buruz gauza asko ikasi genituen. Handik atera eta Artziniegan bazkaldu ostean, autobusa hartu eta Aiaran barrena, Arespalditzara joan ginen, han Aiarako foru liburuaren omenez dagoen eskulturan argazki batzuk atera genituen eta herria oinez ezagutu genuen.

Jarraian, Amurriora joan ginen eta hango Guk eskulturan argazkia atera genuen. Amurrion autobusean igo eta Laudiorantz abiatu ginen, bidetik Luiaondotik pasa ginen eta Malato zuhaitza autobusetik ikusi genuen.

Oso irteera polita izan zen, gure eskualdea gehiago ezagutu ahala geroz eta gehiago gustatzen zaigu eta guztioi gonbidatzen zaituztegu gure eskualdea bisitatzera, merezi du eta!

 

Etiquetas: