Juul hauteskundeak eta mikroipuin lehiaketa liburuaren nazioarteko eguna ospatzeko

Aurten ere  JUUL 2016 Hauteskundeak izan ditugu ikastolan. Lehen hezkuntzako bigarren zikloan libururik bozkatuenak, Toti Martinez de Lezearen “Nur eta ohian misteriotsua” eta  Kinisterren  ” Kika super sorgina” izan dira. DBHen berriz,  Jasone Osororen bi  obra izan dira aukeratuenak: “Ezekiel” eta “Jara Bartzelonan”. Azkenik, batxilergoan,  Dolores Redondoren “ El guardián Invisible”, S. Collinsen  “Gose jokoak” eta J.M Iturralderen “Lehen amodioa Suedian”.

Mikroipuin lehiaketa

Bazioen Sarrionandiak arrazoi handiz  “idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako”, idazlea eta irakurlea biak batuz. Markelek eta Sarak hori egin zuten, JUUL kanpainaren aitzakiarekin, istorio txiki baina handiak sortu zituzten ikastolak proposatutako mikro-ipuinen lehiaketarako.
Zorionak Sara Crego eta Markel Furundarena, eta eskerrik asko egun hura hitz ederrez koloreztatzeagatik!

TELEBISTA IZAN NAHI DUT

Amama bere 5,7 eta 9 urteko ilobekin hizketan zegoen. Umeei zer izan nahi zuten galdetzean, batek  dragoia izan nahi zuela esan zuen eta besteak, superheroia. Hirugarrenak, gazteenak, telebista izan nahi zuela esan zuen. Amama asko harritu zen eta telebista izateko arrazoiak azaltzeko eskatu zion. Segituan erantzun zion:

Nik telebista izan nahi dut, ama janaria prestatzen dagoenean, ni bilatzeko eta nirekin egoteko. Aita lanetik nekatuta etortzean, nire ondoan egoteko irrikan  izateko. Nire anaia niri begira eta entzuten erne egoteko. Familia osoa egongelan gaudenean nik esaten eta egiten dudana guztien arreta izateko.

Markel  Furundarena

MUNDUKO LEHENENGO SEMAFOROA

Duela asko, hiribidetik lehenengo semaforoa jarri zuten. Herrian eguzkiak indarrez jotzen zuenez, semaforoko gizon berdea gorri geratu egin zen ez zuelako eguzkirako kremarik. Orduan zebra-bidea gurutzatu nahi zuten pertsonek ez zekiten noiz gurutzatu, zeren bi  gizonek gorri kolorea baitzeukaten.

Asko itxaroten zutenez, zebra-bidean 12 arrautza zituen gizonari 12 txita jaio zitzaizkion. Beste bati bizarra asko hasi zitzaion, tximino bat zirudielarik. Alkatea oso kezkaturik zegoela bere kapela ikusi zuenean ideia galanta bururatu zitzaion. Semaforoko gizon berdeari kapela bat ipintzea eguzkiaz babesteko eta gorriari baita ere inbidiaz berde ez jartzeko.

Geroztik mundu osoko semaforoko gizonei kapela bat jarri zieten.

Sara Crego