ZEREGINA, IKUSMIRA ETA BALOREAK

Zeintzuk dira Ikastola definitzen duten nortasun ezaugarriak?

LAUDIO IKASTOLAREN ZEREGINA

Laudio Ikastola diru etekinik ateratzeko asmorik ez duen gurasoen Kooperatiba plural eta autonomoa da, Ikastola bezala definitzen du bere burua eta bere jarduera nagusia ikasleen HEZIKETA OSOA da, horrela bere bazkideen eskaerari erantzuten diolarik.

Proiektu honen baliorik bereizgarriena, eta nortasun handiena duena, guraso/bazkide, irakasle/langile, ikasle eta inguruko beste eragileek proiektu honetan duten integrazioa eta parte hartzea da. Izan ere, ezaugarri hau kooperatibaren izaera ireki, solidario, anitz eta parte-hartzailearen adierazgarri da.
 
Era berean, Laudio Ikastolako profesionalek tratu hurbila ematen dute, eta etekin ekonomikorik gabeko egoera ekonomiko saneatu batetan oinarritutako funtzionamendua proposatzen du.

Laudio Ikastolak bere ekimena eskualde osoari eta inguruko udalerriei luzatzen die. Halaber, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko kide izanik, Euskal Herria osorako beraziazko hezkuntza proiektua bultzatzen du.

Ikastetxearen nortasun agirian honela azaltzen da: akonfesionala, aniztasunari erantzunez eta euskalduna, erabat euskaraz heziz eta euskal kulturaren sena eta garapenean eragile jarrera berea eginez, ikasle eleaniztunak sustatuz eta informazio eta komunikazio teknologia berrien gizarterako prestatuz.

Laudio Ikastolak etengabeko hobekuntzaren konpromisoa hartu du, baita pedagogi berriztatzailea eta metodologia eta teknika aurrerakoiak izatearena ere.