Haur Hezkuntzari buruzko erreportaia Aiaraldea hemen egunkarian

Haur Hezkuntzako 0 eta 1 urteko mailatan matrikula burutzeko epea izango du zabalik Ikastolak maiatzaren 12 arte.

Matrikula kanpaina honen harira idatzitako erreportaia argitaratu du Ikastolak Aiaraldea hemen egunkarian:

Espazioak proiektu pedagogikoaren zerbitzura jartzeko eraldaketa, abian

Haurrengan konfiantza eraikitzeko baldintza egokiak sortzea da Laudio Ikastolako hezitzaile eta eskola gunearen egitekoa. Premisa hori du oinarri “Konfiantzaren Pedagogiak”. Hori dela eta, Haur Hezkuntzako espazio guztiak obra eginez eraberrituko dituzte abiatu duten pedagogia berriaren beharretara egokitzeko.

Pertsonen lehen urteetan garatzen dira nortasunaren oinarriak. “Haur bakoitza etxeko girotik aldendu eta Ikastolan integratu behar da, leku ezezagun batean. Txikienen ongizatea bermatu eta prozesua ahalik eta atseginen izateko giro lasaia eta egonkorra sortu nahi dugu”, dio Ziortza Uriarte ikasketa buruak.

Txikienen aldaketa handiaz mintzo da, eskolaratzean bizi dituzten egoera ezezagunez: “Pertsona ugari ezagutzen dituzte: irakasleak, kideak... Hau da, bat-batean eraiki behar dituzte talde handi baten parte bihurtzeko gaitasunak eta estrategiak”.
Hori dela eta, beharrezkotzat ditu esploratzen egoteko material anitzak, esperimentaziorako guneak, errepresentazio eta jolas sinbolikorako baliabideak... Hain zuzen, umeen eta Konfiantzaren Pedagogiaren beharren arabera, espazioak berrantolatzen ari dira Laudio Ikastolan.

Espazioak berritzeko obrak

Haur Hezkuntzako ingurunea birgaitzen dabiltza egun, etapa osoari zuzendutako espazioa atontzen: “Proposamen integratua, parte hartzailea eta berritzailea izango da, ideia eta marko pedagogikoarekin bat egingo duena, umeen hezkuntzan parte hartzea, esperimentazioa zein elkarlana ardatz hartuta”.

Pedagogia berrien bidez, umeen bizipen esperimentalak eta begirada kritikoa bultzatu nahi dituzte, Ikastolen balioak kontutan hartuta.

“Modu horretan haurrari bere autonomia garatzeko baldintza hobeak eskainiko dizkiogu, bakoitza bere erritmoan ikasketa prozesuan murgildu dadin”, azaldu du Uriartek. Haren esanetan, helduek konfiantzarako giro eta espazioak eman behar dizkiete umeei hezkuntza ibilbiderako bidelagun bihurtuz: “Lau pareten artean autonomia garatzeak aukera eta baliabide asko mugatzen ditu. Konfiantzaren Pedagogiarekin umeek hainbat momentutan libreki mugitzeko aukera izango dute, eta beste batzuetan adin anitzeko ikasleekin elkarlanean aritzeko ere”.

Horregatik egingo dituzte obrak egungo bi eraikinetako barruko patioetan, gelen eta adin ezberdinetako umeen arteko elkargune izan dadin.
Udan gauzatuko dute aldaketa, eta barruko patioaz gain, kanpoaldeko mendia hartuko dute aintzat. Horretarako jolastokian mendira zuzenean igarotzeko atea zabalduko dute.Izan ere garrantzia ematen diote egunerokoan erabiltzeko elementuak ahalik eta naturalenak izateari, “aldez aurretik markatutako funtzio eta betebeharrik gabe”.

Horrela, haurrek sormena eta irudimenaren bidez aseko dituzte beharrak; eta, ondorioz, entzumena, ikusmena, ukimena, usaimena eta dastamena bezalako zentzumenak beraien aprendizaiaren ardatza bihurtuko dituzte.

Argiaren deskubrimendua

Zentzumenen esperimentazioaren adibide gisa, argia zer den, nondik datorren, edo nora doan aztertzeko tailerra garatu dute, esperimentazioa baita metodologia berritzailearen oinarria.

Ziortza Uriarte izan da lekukoetako bat: “Gure txikitxoak aho zabalik gelditu ziren argiarekin jolastean Laudio Txikin. Iluntasuna nagusi zen gela batean proiektorea jarri genuen, argi izpi bakarra agerian utziz; eta honekin esperientzia berria suertatu zitzaien haurrei”.

Era horretako dinamiken aldeko apustu argia egiten ari direla azpimarratzen du ezagutza anitzak jasotzen baitituzte plazeretik abiatuta. “Argiak ematen die presentzia elementuei, iluntasunak desagerrarazi egiten ditu. Haurrentzat iluntasuna gabezia da, presentzia eza; eta, argia, deskubritzea, ingurua antzematea. Horrekin batera, objektuekin zer gertatzen den ikastea da tailerraren muina. Umeek objektuen eta itzalen ezaugarriak, kolorea, tamaina aldaketa... barneratzen dituzte. Bistakoa da, argiak eta itzalak espazioak eraldatzeko balio dute”, erantsi du.

Hori dela eta, ukaezina da Uriarterentzat argi tailerraren helburua plazera eta disfrutatzea ez ezik, ikaskuntzarako bide berriak eskaintzea ere badela.

---

Ikusi hemen argi tailerreko argazki bildumak: Sehaska gela , 2 urteko gelak