Argia! Hara, zelako deskubrimendua!
Argia, zer da argia?, nondik dator eta nora doa …
Argia, gauzak ikusgai egiten dituen elementua da, eta sehaska, katuka eta 2 urteko geletan, horrela ikasten ari dira Laudio Txikiko haurrak.
Gure txikitxoak aho zabalik gelditu dira argiaren jolasarekin, sehaska gelan, iluntasunaren artean proiektore batek agerian utzi du argi izpi bakarra eta honekin esperientzia berri bat suertatu zaie ikasleei.
Esperimentazioak ezagutza anitzak dakarzkie umetxoei eta plazeretik abiatuta ezagutza horiek garatu egiten dituzte. Argia elementuei presentzia ematen die, iluntasunak berriz, desagerrarazten ditu.
Haurrentzat iluntasuna gabezia da , presentzia eza, eta argia ikusten dutenean, deskubritzea da, ingurua antzematea. Horrez gain, argiak itzala dakar, honekin batera, objektuekin zer gertatzen den ikastea da tailer honen muina. Haurrek objektuen eta itzalen ezaugarriak; kolorea, tamaina aldaketa aztertzen dute.
Argi dago, argiak eta itzalak, espazioak eraldatzeko balio dutela. Beraz, argi tailer honen helburua plazera eta disfrutea delarik, ikaskuntzara bideratzen gaituela uka ezina da.