Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dugu Amurrion
Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dugu euskara maite dugun guztiok. Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak hitzordu berezia deitu du egun horretarako Amurrion.
Izan ere Laudio Ikastolan buru belarri ari gara ospakizunerako prestakuntza lanetan, xede horrekin bezperako astean eta batez ere egunaren bezperan, abenduaren 2an, ostirala, ekitaldi mordoxka prestatu dugu etapa guztietan.
Amurrioko ekitaldirako eskualdeko hainbat musikariren eskutik kaleratu berri den kanta eta berarekin batera sortu den koreografia ikasleekin landuko dugu etapa guztietan, denok abenduaren 3an Amurrioko plazan dantzan eta kantuan flashmob batean bildu gaitezen.
Egun horretan haize-errotek, koloretako euritakoekin batera, aparteko protagonismoa izango dute ekitaldi nagusian eta gelatan ere haize-errotak prestatzeko eskulanak egingo ditugu.
Euskararen astea Ikastolan
Ohi duen bezala, Argitxoren bisita espero dugu datorren astean Haur eta Lehen Hezkuntzan.
Abenduaren 2an berriz koadrodun zapia eta “Euskaraz bizi nahi dut” lelodun edo euskararekin loturiko kamiseta jantzita etorriko gara Ikastolara ospakizunetan parte hartzeko.
Sorpresa ugari, ipuin kontalariak, tailerrak, musika eta dantza izango ditugu ospakizunaren programan.
Haur Hezkuntzako jolastokian eta Laudio Txikiko sarreran gurasoen euskararekiko konpromiso idatziak bilduko dituen haize-errota jarriko dute ikasleek.
Azaroaren 25ean prestakuntza jaialdia Laudioko herriko plazan
Basalarrina elkarteak Amurrioko ekitaldia prestatzeko jaialdia antolatu du azaroaren 25ean Laudioko Herriko plazan 17:00etatik aurrera.
Amurrion grabatuko den flashmobaren koreografia ikasteko ikastaroa, haize-errotak egiteko tailerra, bideo emanaldia eta gaztaina jana, besteak beste, prestatu dituzte.