HEZKUNTZA PROIEKTUA

I. HEZKUNTZA XEDE OROKORRAK
 
Laudio Ikastolak Haur Hezkuntzako 1. eta 2. zikloak, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoko ikasketak irakasteko (0 urtetik 18 urtera arte) ikastetxe integratzailea, akonfesionala, euskalduna, kohezitzailea, metodologia parte hartzailea eta kudeaketa irekia eskaintzen dizkie etortzen diren ikasleei eta hauen gurasoei, haietako bakoitzak bere giza eta adimen garapen osoa lor ditzan.
 
1. Integratzailea maila ezberdinetan:
    SOZIAL mailan egon daitezkeen ezberdintasunak konpentsatuz eta joera klasistak gaindituz, ekonomikoki aukerarik ez duenari laguntza eskainiz, berezitasunak kontutan hartuz.
    JATORRIAren araberako bereizketarik ez egiteaz gain, euskal heziketa berbera eskaintzea, ikasleak eta honen familia euskaldun zein erdaldun jatorri eta kultura izan arren.
     IDEOLOGIA, pentsamolde, erlijio edota ohitura guztiei irekia.
     AHALMEN FISIKO eta PSIKIKOAK garatzeko eskaintza duena, giza zein egokitzapen materialak eskainiz, trabak eta eragozpenak gaindituz, aniztasunari erantzunez.
 
2. Akonfesionala, irekia eta erlijio ezberdinekin begirunez jokatzen duena. Ideologikoki pluralista izanik, Laudio Ikastolak eragile guztien (guraso, ikasle, irakasle, bestelako pertsonala) erlijio sinesmenak eta adierazpen politikoak errespetatzen ditu, ikasleari ahalik eta informazio objetiboagoa emanez.
 
3. Euskalduna, euskara ezagutzeaz eta ikasketak euskaraz jarraitu ahal izateaz gain, Ikastolak euskal kultura eta gizartea erreferentziatzat hartzen du, Euskal Herriko ohitura, ezaugarri, arazo, behar eta abarretan oinarrituz.
 
4. Kohezitzailea, neska eta mutilei hezkuntza berdina eskainiz: gizon eta emakumeen aurkako mitoak aurreiritzi eta jarrera diskrimina-tzaileak gaindituz, ikastetxean egon daitezkeen jarrera ez hezkidetzai-leak eraldatuz.
 
5. Metodologia partehartzailea bultzatuz, hau da, bizitasunez irakatsiz eta ikasiz; eragile guztien inplikazio zuzena indartuz, ikasleena bereziki; pentsakerak, sentikerak eta adierazteko askatasuna bermatuz.
 
6. Kudeaketa irekia, funtzionamendu zabal, bizkor eta dinamikoa bermatzen duena eta autonomia partekatua, elkarrizketa, partaidetza, erantzukizuna eta erabakiak hartzerakoan eta betetzerakoan gardentasuna bultzatzen dituena.
• Irakasle taldeak eremu pedagogikoari lehentasuna emanez, etapen autonomia, berezitasunak eta ikasketa buruen koordinazioa bermatuz, etorkizunari begira proiektu komunak aurreikusiz.
• Ikastolako Batzordeek eragile guztiak koordinatuz, parte hartzera animatuz eta hautabide demokratikoak bermatuz.
• Administrazioa eta beste erakundeekin euskalduntzeko planak bultzatuz, hezkun-tza eskariari erantzunez, baliabideak errentagarritasunez erabiliz…

7.- Ingurune naturala balioestea eta hura arduraz gozatzea. Izadiaren funtzionamenduaren oinarrizko mekanismoak aztertzea, giza jarduerek izadian duten eragina ulertzea, eta hura babesten, zaintzen eta hobetzen laguntzea, gizakien eta gizakien hurbileko animalien bizi- kalitatearen nolakotasuna baldintzatzen duen elementua den aldetik.
 

II. HEZKUNTZ ERAGILEAK
 
    Ikastolako bizitzan parte hartzen duten guztiek eraginik dutenez gero, nahi dugun ikastolaren ezaugarri horiek zaindu eta bultzatzea eginbeharra dugu.
 
1. Hezitzaile euskaldun, dinamizatzaile, berritzaile, sortzaile eta proiektuaren bultzatzaile izaten.
 
2. Gurasoak: Ikastolako bizitzan inplikatzen direnak, pedagogia zein kudeaketa mailan; ikastolaren proiektu bultzatzaile aktiboak bereziki.
 
3. Ikaslea: Goiko eragileen ahaleginez, lortu nahi dugun ikaslearen perfila:
 
    Euskalduna: Euskal kulturaren hartzaile dena, euskaldun praktikoa, euskaraz bizi dena.
    Kritikoa eta autoestima abiapuntu hartzen duena; norberaren eta besteen mugak onar-tzen dituena; bere ahalmenak garatuz nortasun propioa lortzen saiatzen dena; besteen izaera baloratzen dakiena.
    Autonomoa: bere buruaren jabe izaten saiatzen dena; kontsekuentea dena; ardurak izaten eta antolatzen dakiena; egoera berri baten aurrean erantzule, bere burujabetasuna erabiliz edozein egoerari erantzuteko gai eta bere bizitzaren protagonista dena.
    Sortzailea: erantzun berriak emateko eta, bere erreferentziez baliatuz,  ideia berriak aportatzeko  ahalmena daukana.
    Anizkorra: besteen ezberdintasunetatik begirunez ikasten duena; besteen ezberdintasunak onartuz norberarena onartzen eta defendatzen dakiena.
    Ez-sexista: generoagatik inor baztertzen ez duena; sexu harremanak eta sexualitatearen agerpen ezberdinak begirunez tratatzen dakiena.
 

III. KANPORAKO PROIEKZIOA
 
Herri mugimenduarengandik sortua denez gero, herrian kokatutako eta herrirako proiektua izaten jarraitu nahi du Laudio Ikastolak, ikastolaren gorputz proiekzio zabala hedatuz; Laudioko ikasle-irakasle-guraso gorputzetik abiatuta, Arabako ikastolekin bat eginez, Euskal Herriko Ikastolen Taldera helduz; elkartasunaren fruitu izanik elkartasuna praktika bihurtuz.